Joan den azaroaren bederatzian, Logikalinek, Abaltzisketako Udalaren laguntzaz, 80ko Talde Txapelduneko jokalariak bildu zituen, omenaldia egiteko eta gipuzkoar guztiontzat hain garrantzitsuak diren balioak gogoratzeko.

Arconada, Lopez Ufarte, Gorriz, Kortabarria eta hainbat belaunalditako beteranoak —haietako askok, gainera, bastante denbora zeraman elkar ikusi gabe— elkartu ziren garai bateko kontuak gogoratzeko eta zaleekin egoteko. Kirolariez gain, taldearen kolaboratzaileak eta adiskideak etorri ziren, hala nola Escobar medikua eta Mikel Etxarri, Euskadiko selekzioko hautatzaile izandakoa.

Denek contact center-eko instalazioak bisitatu zituzten eta Alaitz Artolaren zuzeneko ahotsaz gozatu ahal izan zuten. Alaitzek bere ahots ederraz girotu zuen, gainera, oroitzapen plaka entregatzeko ekitaldia.

Txapeldunen bilera Txindokiren oinetan

Logikalinek eta Abaltzisketako Udalak Real Sociedadeko Fundazioarekin hitz egin zuten txapeldunen bilera bat antolatzeko, betiere hurbiltasuna eta xumetasuna sentiaraziko zituen bilera.

Omenaldia ‘Txikitik Handira’ proiektuaren barruan sartzen da. Proiektua duela urte batzuk jarri zuen martxan Logikalinek, Real Sociedadeko Fundazioarekin batera, beteranoak Gipuzkoako herrietako zaleengana berriro gerturatzeko asmoz eta, batez ere, Reala talde enblematiko bihurtu zuten balioak gogoratzeko. Logikalinek, izan ere, guztiz bat egiten du balio haiekin.

Contact center-eko zirrikitu guztiak ezagutuz

Omenduek contact center-eko instalazioak bisitatu zituzten eta aukera izan zuten ezagutzeko Logikaline Abaltzisketatik zer egiteko gai den, pertsonei eta teknologiari esker.

Logikalineren sortzaileek eta Leire Zabaleta gerenteak gure historia azaldu zieten, eta baita gure balio nagusia ere: zerbitzurako bokazioa. Iñaki Gorostidi enpresa buruak berak, gainera, berrikuntzarekin parekatu zuen balio hori. “Behar berriak daudela? Ba, proiektu berriak sortu eta martxan jartzen ditugu. Hori ez al da berrikuntza?”, adierazi zuen.

Txapeldunek jakin-gosez betetako galdera asko egin zituzten; baina, batez ere, harridura nabaritu zitzaien, Abaltzisketa bezalako herri batean zer-nolako ‘montajea’ dagoen ezagutu zutenean. 

Eta jakina! Bilera hura hasierakoa baino ez zen izan, proiektu berriekin lotuta egingo diren beste bilera askoren aurrerapen bat baino ez.