Logikalinerentzat zonalde garrantzitsua da Goierri aldea, lan askon egiten baitu han eta bezeroak ere asko baitira bertan. Horrez gain, Abaltzisketatik oso gertu dago eskualde hori. Goierriko herri nagusietako bat da Ordizia, eta bertan Euskal Jaien barruan, iraileko aurreneko asteazkenean, azoka berezia izaten da. Ordiziako azokako ardi gazta lehiaketak sekulako garrantzia dauka, seguraski urteko lehiaketarik garrantzitsuena baita maila horretan.Eguraldiak ez zuen batere lagundu goizeko lehen orduetan. Trumoia, tximista eta euria izan baitziren protagonistak, baina ez zuen jendea atzeratu. Agian aurreko urteetan baino gutxiago izango zen, baina izen handiko azoka da, eta leku ezberdinetako jendea ikusten zen Ordiziako kaleetan, eta tartean, nola ez, Abaltzisketako batzuk ere bai.Aurten, Ordizia 750 urte muga ospatzen ari da, eta horren barruan zegoen kokatuta aurtengo azoka hau. Herrian sartu orduko, barazkien eta fruituen lehiaketako produktuak ikusten ziren,  ederki atonduta. Handik gertu zegoen herriko pilotalekua, eta bera izaten da, dudarik gabe, Ordiziako azokako gune nagusia, bertan egiten baita ardi gaztaren lehiaketa. Euskal Herri osoko artzainen gaztak zeuden lehiaketan, eta epaileen artean aurpegi ezagun asko, bertan baitziren sukaldariak, aktore, eta teknikari eta hainbat aurpegi ezagun.Guztien artean 14 aukeratu zituzten finalerako, eta denei lehen aldiz diploma bana eman zitzaien. Gero jakin zen, Julen Arburuak irabazi zuela, Nafarroakoa, Lekarozgoa, eta bere gazta erdia subastan 8.750 eurotan erosi zutela.Baina ez zen gazta lehiaketa bakarrik, ganaduen lehiaketak ere ikusmin handia izaten du, eta gune hura ere jendez gainezka zegoen. Bertan pirenaika arrazakoak zeuden lehiatzen, eta hura ere ikusgarria izaten da,  oilo eta oilarrena den bezalaxe. Horiez gain, betiko azoka ere bazegoen, eta baita talo, sagardo gazta eta gainerakoak dastatzeko aukera ere.Arratsaldean pilota partidak zeuden, profesionalenak, eta horrekin  akabo eguna. Eguraldiak ez zuen nahi bezala lagundu, baina Logikalineren zonaldeko urteko azokarik garrantzitsuenak, gozatzeko aukera galanta eman zuen.

Ordiziako Azoka